Azken urteetan, hauteskunde emaitzen inguruko artikulutxoa eskatzen didate herriko eta kitto! aldizkariak hurrengo goizean ateratzen duen alerako. Aurten, lehendabiziz, blogean ere. Hor doa:
EAJ-EA koalizio irabazleak, gobernu eta etorkizunerako aliatuen premian.
Ia beti bezala, kanpaina berezia: lege-kanporaketak, agerraldi mediatikoa, azken orduko urduritasunak, ... baina beste batzuekin konparatuz, giro lasaia nagusi izan dela esango nuke.
Beharbada horregatik, aurreko hauteskundeetan baino partehartze txikiagoa izan da. Hala ere, hauteskundeak gure herriaren aniztasunaren islada izan dira. Sei aukera politikoek lortu dituzte ordezkariak Gasteizen.
Euren arteko elkarrizketa eta akordio zabal eta sakonak behar-beharrezkoak izango dira hurrengo lau urteetarako Gobernua osatzeko eta, are gehiago, normalizazio politikoa lortzeko eta hainbeste aldarrikatu den bakearen legealdia izateko.
EAJ-EA koalizioak aise irabazi ditu Legebiltzarrerako hauteskundeak, bigarren alderdiak baino 10 eserleku gehiago lortuz, baina joan zen astean zenbait inkestek iragartzen zuten gehiengotik oso urruti geratu da.
Printzipioz, badirudi abstentzioak eta Estatuko Gobernuan dagoen alderdiak, PSOEa kasu honetan, sortzen duen efektu mediatikoak EAJ-EA koalizioa eta PP-ren kalte egin duela. Bestalde, badirudi alderdi ezkertiarrek gehiago mobilizatu dituztela bere hautesleak. PSE-Eek, Aralarrek eta, batez ere aipatzekoa da EHAKaren kasua, EHren botoak lortu eta gehitu egin dituelako.
Etorkizunerako iragarpenak egitea ez dirudi erraza hauteskunde gau honetan. Gehiengo nabarmena lortu dezakeen aukera bat baino gehiago aurreikusten dira, eszenategi posibleak bat baino gehiago, baina printzipioz, guztietan indar nagusi bezala EAJ-EA koalizioarekin kontatuz.
Baina, lehen esan bezala, elkarrizketa sakonak beharko dira horretarako. Alde batetik Maragallek proposatutako irtenbidea, PSE eta EAJ-EAren artekoa, non beste alderdi batzuk gehitu daitezkeen, EB esate baterako; bestetik Estatuto berriaren aldeko edo abertzaleen arteko akordio zabala, EAJ-EA, EHAK, Aralar eta beharbada Ezker Batua gehituz. Zailago, baina minorian egon daitezkeen gobernuetarako akordio urriagoak posible dira. Hirukoa gehi Aralar eta baita, akaso, PSE-EE eta PP-ren artekoa.
Abertzale eta konstituzionalisten arteko oreka ez da larregi aldatu: PP-k galtzen duena PSE-EEk irabazten du, eta EAJ-EA koalizioak galtzen duena EHAK eta Aralarrek irabazten dute. Ezker Batua lehen bezala geratzen da.
Legebiltzarreako hauteskundeak Eibarren
Eibarko datoei dagokionez, azken urteetan behin eta berriro ikusten ari garen joera errepikatu egin da.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EAJ-EA koalizioak erraz irabazten du eta, aldiz, Udal Hauteskundeetan PSE-EEk lortzen du gehiengoa. EAJ-EA koalizioak botoen %39 lortu du Eibarren, alde handi samarra atereaz bigarrenari, botoen %27 duen PSE-EE-ri.
PPk eta EHAK antzerako portzentaiak lortzen dituzte %12-13aren inguruan, baina PP 7 puntu jaisten den bitartean, EHAK gora egiten du. EB eta Aralarrek aurreko deialdiekin konparatuz, ez dute aldaketa handiegirik, lehenengoek apur bat gorantz eta bigarrenek apur bat beherantz egiten dute.
Bihartik aurrera, berriro, alderdien arteko elkarrizketa ordua ..., guztion onerako izan dadila
Comentarios
No hay comentarios.