¿DMOZ está muerto? galdetu du norbaitek Barrapunto bitakora espainolean eta Dmoz - Open Directory Project proiektuko world/euskara atal euskaldunarekin akordatu naiz.
Ez dakienarentzat, labur azalduta DMOZ - Open Directory Project editore bolondresen lanari esker egindako web direktorioa da. Gizakiek egindako munduko web direktorio handiena. Kreditoetan ageri den bezala, mozilla.org , ChefMoz , MusicMoz , Open-Site eta Wikipedia guneen webgune anaia.
Gaurko datuen arabera, Dmoz-ek 5 miloi webgune baino gehiago indexatuak ditu eta ia 70.000 editore bolondresak lanean edo gutxienez izena emanda ditu ( 5,148,836 sites - 69,629 editors). Beraz, datu handiak eta gende asko kolaboratzen proiektuan.
Baina, nola aldatzen diren gauzak, gaur eguneko bilatzaileak oso indartsuak dira, duela urte batzuk baino askoz ere potenteagoak, dudarik ez.
Hasiera batean, direktorioek Interneteko anabasa ordenatzeko balio zuten. Informazioa ataletan sailkatzeko. Horrela, 1998 urtean Netscape-k hasi zuen Dmoz-ODP proiektu librearekin, Yahoo-k bere direktorioarekin, eta horrela Altavista eta beste askok, bakoitzak berea egiten. Baina, bilatzaileak indartzerakoan direktorioak ez dira hain erabiliak, eta jendeak zuzenean bilatzaileetara, Googlera esango nuke nik, jotzen du, direktorioak baztertuz, edo alde batera utziz.
Hori egia izanik, nere ustez arrazoi ezberdinengatik eta ez dakit zenbat denboratarako, Dmoz-ODP garrantzitsua izaten jarraitzen du oraindik:
- Alde batetik, Googlek (eta beste batzuk), DMOZ - Open Directory Project-eko direktorioa darabil. Esate baterako, Google Directory-ren atal euskalduna, www.google.com/Top/World/Euskara/ , Open Directory Project-eko www.dmoz.org/World/Euskara/ atal euskaldunetik ateratzen du. Konparatu biak eta berdinak direla ikusiko duzue.
- Bestetik, Googleren emaitzetan ageri diren definizioak , kasu askotan Dmoz -ODP-tik ateratako definizioak dira. Esate baterako, Google-n Kontseilua bilatu eta ematen den definizioa The Council is bringing together all those organisations and groups whose prime aim is to encourage the normal, everyday use of the Basque language, Euskara, zuzenean Dmoz-ODPtik hartutako definizioa da.
- Gainera, Googleren algoritmoa ezkutua bada ere, badirudi hobeto indexatzen dituela Dmoz-en jasotako webguneak.
Baina, etorkizunari begira, eragozpenak ditu:
- Gaur egun jendeak ez ditu direktorioak erabiltzen, eta joera honek direktorioen etorkizuna baldintzatu dezake, argi eta garbi.
- Googlek Dmoz erabiltzen zuela zabaldu zenean, webmasterrek eskaerak eta eskaerak bidaltzen zituzten Dmoz-ODPera, editore bolondresak lanez gainezka ipini arte. Bolondresak izanik, erantzuteko kapazitaterik ez genuen eduki.
- Bestalde, webmaster batzuk editore "bolondres" giza sartu ziren dmoz-en beraien webguneak promozionatzeko asmoarekin, eta ez lan serio eta objetiboa egiteko.
- Editoreen onarpena ondoegi funtzionatzen ez duela iruditzen zait. Ezaguneren batek izena eman du aspaldi eta ez du erantzunik jasotzen. Horrelako zerbait aipatzen da Barrapunto-n
Eta Euskal Open Directory Project-a?
Ba, geldi xamar dagoela esango nuke. Editore gutxi gaude. Azken boladan Albertok lan izugarria egin du, baina atal nagusiak, Kultura eta Ekonomia izan ezik, ez dute editorerik.
Gaudenak "editore zaharrak" gara, 1999 urtetik ni, beste batzuk nere aurretik, eta hasierako kemena galduta dugula iruditzen zait.
Dmoz-eko atal euskaldunetik sortu zen Aurki direktorioa . Baina argi dago gaur egun Aurkiren bidea askoz ere biziago dagoen euskal blogosfera jaso eta sustatzera bideratu behar dela, nahiz eta oraindik martxan egon Dmoz-ODP proiektuarekin lotura zuzena duen Aurki Bilatzailea .
Aldiz, katalanak (bai, bai, beti katalanekin konparatzen, 8 miloi hiztun dira, badakit) World/Catala atala oso bizia, ODP-ko barne foroetan ikusten da, eta osasuntsua dute, 42.415 webgune indexatuak, Euskal atalak 2.406 webgune baino ez dituen bitartean (Orain lan gehiago aurreikusten dute ODP-ko editore katalanek, dominio asko .es-etik .cat-era pasatuko direlako).
Hemen duzue hizkuntza guztien zerrenda , asko, tartean Bable edo Interlingua bezalakoak.
Ez dakit editore berririk animatuko den euskal atalerako , lan erraza da, muzu truke baina estres gabekoa. Froga egin nahi baduzue, aukeratu atal bat eta eskatu editore izatea!
(editoreen interfazea, hori bai, euskaraz dago)
Comentarios
Re: Hilda dago dmoz?
Hau bai kasualitatea. Atzo bertan uko egin nion editatzen nuen kategorietako bati. Ni 2000. urtean hasi nintzen editore lanetan DMOZ-en eta ordutik bi kategoria editatu ditut, dantza euskaraz eta dantza gazteleraz. Dantza euskaraz atal txikia da eta oso ondo etorri zait euskal dantza taldeen guneak kontrolatuta izateko eta gida hori dantzan.com-en bidez emateko. Baina danza gazteleraz atalarekin ez naiz oso eroso ibili inoiz. Azken aldian gero eta alperrago nenbilen atal horrekin eta azkenean uztea erabaki dut norbaitek nik baino hobeto egingo duelakoan. Nik uste nuen garapen handiagoa izango zuela DMOZ-en baina iruditzen zait orain 5 urte bezalatxu dagoela, lan interesgarria egiten ari den talde polit batekin baina hortik gehiago zabaltzeko arazoekin. Eta kontua da Internet dagoeneko ez dela orain 5 urte bezalakoa, beraz, proportzioan dezente txikitu da DMOZ-en indar gaitasuna. Oso tresna polita eta interesgarria halere.
Enviado por: oier Cuándo: 2005.09.20 08:18
Re: Hilda dago dmoz?
Martxoan, SEO/SEM(Web orriak bilatzaileetan posizionatzen adituak) enpresa batetako hitzaldi batean, DMOZ-eri buruz zera aipatu ebien. Eurentzako duda barik Google-k DMOZ erabilten ebala eta horregatik eurek beti, web orri bat egiterakoan bertan sartzen ebiela. Bestalde(hau be barrapunton aipatzen da) editoren artean "topo" asko dagozala, eta esaterako, askotan zure eskakizuna nahite atzeratzen dabiela, euren interesen kontra badoa. Bestalde eneko, uste dot nunbaiten irakurri dodala, DMOZ-eko editore zarela atalen baten, holan da? artikulu honetan ez baitot topau horri buruzko aipamenik.
Enviado por: aercilur Cuándo: 2005.09.20 12:31
Re: Hilda dago dmoz?
Zure proposamena jarraituz, oraintxe bertan izena eman dut eta, zehatz-mehatz, egin beharreko lana zein den ez dakidanez, xuabe-xuabe hastea espero dut. Horretarako, ezaguna dudan ikastolen atala hartzea eskatu dut. Zuk aipatzen duzun bezalako lan lasaia baldin bada, nire lankideak ere saltsa honetan sartzen ahaleginduko naiz. Ea guztion artean euskal webguneen direktorio txukuna osatzen dugun!!!
Enviado por: magic Cuándo: 2005.09.20 21:40
Re: Hilda dago dmoz?
Urte askotan parte hartu arren, dudak ditut gaur egungo dmoz-ODPren martxa eta etorkizunari buruz. Horregatik, Barrapunton galdera hori ikusterakoan honako hausnarketatxoa idaztera animatu nintzen.
Euskarazko Ekonomia atala kudeatzen dut, gaztelerazko batzutan sartuta nago ere. Besteak beste Ciencia y Tecnología/Ciencias Sociales, edo País Vasco esate baterako.
Magic, oso interesatuta nago Meta-editoreek, hau da super-baimenak dituztenek, zenbat denboratan erantzuten duten jakitean. Jarriko naiz kontaktuan zurekin.
Enviado por: eneko Cuándo: 2005.09.22 08:21
Re: Hilda dago dmoz?
Oraintxe irakurri dut:
web 1.0 = taxonomia, direktorioak.
web 2.0 = etiketak (tagging), folksonomia.
Enviado por: Luistxo Cuándo: 2005.10.03 07:47
Re: Hilda dago dmoz?
Bai, ikusi nuen O'Reilly-rena.
Ondo dakizun bezala puri-purian dabil web 2.0-arena.
Batzuk diote web 2.0 Rss 2.0 baino ez dela: Web 2.0 is really simple, it's RSS 2.0.
Beste honek dio erabiltzaileek tresna aurreratuekin (RSS, APIs, AJAX, REST, XHTML/CSS,...), egunero sarean lan egiten, sortu eta eraikitzen duten zerbait dela.
Igoal, momentuz kontua da oraindik jende gutxi dabilela horrelako tresnekin. Baina bidea hori dela argi dago. Ados nago :-)
Ez dakit dmoz egokitzeko kapaza izango den, adibidez duen bolondrese kopuru izugarriari sarea eraikitzeko tresna egokiak emanez. Ez badu lortzen, hilda dago.
Enviado por: eneko Cuándo: 2005.10.03 13:38