Prospectiva blog

2006ko apirilaren 14a, ostirala

eu

Joerak: Enpresa 2.0

Azken boladan, 2.0 akabera duten berba guztiak bezala gero eta gehiago entzuten dugu 2.0 Enpresa hitza eta kontzeptua.

Harvard Business School delakoan irakasle elkartua den Andrew P. McAfee , enpresetan Informazio Teknologien kudeaketa eta erabileran adituak MIT ospetsuaren MIT Sloan Business eskolako aldizkariaren udaberriko zenbakian artikulua idatzi du 2.0 Enpresa kontzeptuaren inguruan: Enterprise 2.0: The Dawn of Emergent Collaboration .

Artikuluan enpresetan lankidetza bultzatzeko eta barne-ezaguera jasotzeko, banatzeko eta kudeatzeko sortu diren tresna berrietaz (blogak, wikiak, posta zerrendak, ...) idatzi du.

McAfee-k SLATES (search, links, authoring, tags, extensions, signals) akronimoa darabil teknologia eta tresna berri hauei buruz hitz egiterakoan, eta bere ustez enpresetan ezartzeko honako baldintza hauek behar dira:

  • Enpresa kultura irekia teknologia hauek bideratzen dituzten praktika berriei lekua uzteko.
  • Plataforma amankomuna lankidetzarako azpiegitura legez funtziona dezan.
  • Tresna berriak modu informalean ezartzea, aldaketarako prozedura formalak ezartzea baino askoz hobea delako.
  • eta azkenik, kritikoa delako, zuzendaritzaren lidergoa eta sustapena.

Guztiz ados egon behar, honelako tresnen erabilera hasi baino ez da egin enpresa eta erakundeetan. Esaten nuen bezala ez da joera zabalegia, baina bidea egiten doa.

Baina argi dago, Enpresa Fakultateetan eta negozio eskoletan gaiak kezka eta hausnarketa sortzen hasia dela. Horrela, McAfee-k berak Harvard Business School delakoan duen blogean Enpresa 2.0 kontzeptuaren azpiaren dauden joerei buruz hitz egiten digu The Trends Underlying Enterprise 2.0 artikuluan.

Bere ustez, hiru dira 2.0 enpresarantz ematen ari den trantsizioan azpimarratu beharreko joerak:

  • Iritziak, ideiak edo ezaguerak adierazteko plataforma erraz, merke eta libreen sorrera: blogak, wikiak, zerrendak, ...
  • Inposatuak izan beharrean, lankidetzaren bitartez eraikitzen diren egituren agerrera. Adibide paradigmatikoa Wikipedia da, baina beste asko aurkitu daitezke, baita enpresa barneko proiektuetan ere.
  • Kaosetik ordenoa sortzeko aukera. Tag edo etiketak, folksonomiak, RSS-ak, jario agregatzaileak, bilatzaile indartsuak,... bideratzen duten aukera.

Edozeinek, Harvardeko irakasle batetik hasita Arrigorriagako tabernari bateraino, blog bat sortu eta bertan argitaratzen badu, Wikipedian editatzen badu, Flickr-en argazkiak gehitzen baditu, ... erabili ezinezko informazio gehiegitasuna, kaosa edo Lertxundik esaten zuen anabasa sortuko delaren beldur izan gaitezke. Baina McAfeek, eta beste askok, erantzun garbia dugu: EZ!

Harvard-eko irakasleak azpimarratzen duen bezala, web 2.0 deitu den honetan lanean dihardutenak informazio guzti hori filtratu, sailkatu eta lehentasunak sortzeko tresnak garatu dituzte eta garatuko dituzte.

Bilaketetarako tresnak, tag edo etiketak, folksonomiak, RSS jarioen biltzaileak eta horren inguruko automatizazioa, ... informazio eta ezagueraren bilketa, banaketa eta kudeaketa errazten dute, norberaren interesaren arabera edo talde, erakunde edo enpresa baten interesen arabera. Behintzat CodeSyntaxen honetan McAfee irakaslearekin bat gatoz, eta horretan gabiltza.

Nahiz eta tresna hauek balio duten edo ez ikusteko, inbertsio gutxi behar izan, egia da McAfeek dioen bezala, gaur egungo buruzagi eta zuzendariek oraindik ez dituztela joera hauek ondoegi ulertzen.

------------

Oharra: 2006-04-16

Informazio Teknologiak, enpresen estrategia eta lehiakortasunari buruz asko idatzi eta web 2.0 deitu denarekin kritikoa den Nicholas G. Carrek (www.nicholasgcarr.com) McAfee aipatu eta ea enpresak prest dauden galdetzen duen artikulua idatzi du aste honetan (Is Web 2.0 enterprise-ready?) eta komentario horiei erantzunez McAfeek web 2.0 eta enpresa 2.0 gaien inguruko artikulu berria idazten zuen atzo: Does Web 2.0 guarantee Enterprise 2.0?.

-------------

Harvard eta MIT famatu eta punta-puntako tokietan honen inguruan idazten eta hausnartzen hasi badira, nik uste noiz edo noiz, laster seguruenez, gurera ailegatuko direla.

Gaiari buruz gazteleraz: Tendencias Empresa 2.0


Technorati Tags: , ,

Enviado por: Enejo Astigarraga. 00:07 | Permalink | Comentarios (2)

Comentarios

Re: Joerak: Enpresa 2.0

Egia esan, gai honetan dudan ezjakintasunaz konsziente naiz oso. Dena dela, Enekoren Blog hau erreferentzia bat da niretzat kontu hauek ezagutzeko.

Enpresa 2.0 bilakaeran bi arlo nabarmendu nahiko nituzke:

  1. - Baldintzak, 2.- Integrazioa.

Lehenari buruz apunte garrantzitsuak aipatu dira mezu honetan. Teknologia berak hainbat aukera eskaintzen dizkigu, baina bere arrakasta oinarrizko baldintza batzuen menpe dagoela dirudi, enpresa kultura irekia, zuzendaritzaren lidergoa, etab. Teknologia beretik at dauden baldintzak dira baina askotan teknologia bezain garrantzitsuak (Sare Zabalean blogean aipatutako Zientzia eta Teknologiaren printzipioetako batekin bat dator). Baldintza horiek ematen ari dira, beraz, "teknologiak" arrakasta izateko aukera asko dituela dirudi.

Bigarrena, ordea, faltan botatzen dut. Orain dela gutxi elkarlana errazteko baliabideak bilatu eta analizatzen aritu nintzen. WEB 2.0 aplikazioen izugarrizko zerrenda bat aurkitu nuen eta interesgarrienak iruditzen zitzaizkidanei begirada bat bota nien. Denetarik zegoen. Asko ziren eta oso onak gainera. Baina batekin lan egitea aukeratuz gero ez zegoen beste batzuekin lan egiten zuten pertsonekin komunikatzerik. Baliabideen arteko integrazioa faltan bota nuen. Ziurrenik aukerak izango dira eta lanean ere arituko dira, baina oraingoz behintzat ez nituen adibide garbirik aurkitu.

Enpresa 2.0 bilakaera honetan, nire ustez, bi arlo horiek izan daitezke garrantzitsuenetakoak. Horiek landuz gero, nire kasuan behintzat, hainbat burukomin aurreztuko nituzke.

Azkenik, zorionak Eneko hainbeste ikasteko aukera emateagatik.

Enviado por: josu Cuándo: 2006.04.16 13:12

Re: Joerak: Enpresa 2.0

Eskerrik asko Josu.

Apuntatuta ditut printzipioak aipatzen diren zure blogeko sarrerak, bai. Mezu guzti-guztiak ez ditut irakurri, baina apuntatu daukat zure blogaren jarioa eta gustora jarraitzen dut. Zorionak zuri ere.

Bigarren gaiari dagokionez, arrazoia. Nik uste joera nagusia integrazioa bideratzera dela: RSS-ak edo OAI, esate baterako, sistema ezberdinen integrazioa errazten dute, edo Software librea orokorrean bide horretatik doala esango nuke. Baina sarritan zalantzak sortzen dira, bai. Eta ezusteko eta buruko min asko. Oraindik arazo larria da, egunero aurkitzen duguna. Denbora beharko da.

Enviado por: Eneko Cuándo: 2006.04.18 00:18

Responder con un comentario







2+3 en letra y en minuscula